Listeria monocytogenes Listeria generoko bakterio patogeno bakarra da, listeriosi izeneko gaitzaren eragilea. Listeriosia janarien bitartez hartutako infekzioa da, bakterioz kutsatuta dauden janariak jatean harrapatzen dena, alegia. Mikroorganismo hau psikrofiloa da, hots, gai da tenperatura bajuetan (5 °C) hazteko.
Gaixo immunogutxituak izan ohi dira listeriosia harrapatzen dutenak. Horiengan, meningitisa da ohiko konplikazioa, gaixoaren bizitza kinka larrian jartzen duena. Haurdun dauden emakumeek umekia galtzen dute gaitzaren erruz.
Listeria monocytogenes bazilo txikia da, Gram positiboa eta anaerobio fakultatiboa. Flageloak ditu, baina bere mugikortasuna tenperaturaren arabekoa da: 30º C-tan edo beherako tenperaturetan mugikorra da, baina 37º C-tan bere flageloak inaktibatu egiten dira eta ez-mugikorra bihurtzen da.
Berezko ezaugarria dauka bakterio honek, bere birulentzia areagotzen duena: zelula barneko parasitoa da, hots, makrofago eta fagozito barnean hazi daiteke. Horregatik, zelula bidezko immunitatea da bide bakarra patogenoari aurre egiteko.
Listeriosia gaixotasun arraroa bada ere, azken urteotan agerraldi batzuk azaldu dira Europan, gazta izanik agerraldi gehienetan inplikatutako janaria. Penizilina da listeriosia tratatzeko erabiltzen den botika.