dcsimg

Martin arrunt ( Basque )

provided by wikipedia EU

Martin arrunta (Uria aalge) Alcidae familiako hegazti zangaluzea da[1]. Euskal Herriko kostaldean negu partean agertzen zaigun espeziea da martina, pottorro arruntaren antz handia duena, baina hura baino handixeagoa dena. Kostaldetik gertu arrantzatu ohi dute, eta zenbait kasutan portuetan ere ikusi ahal izaten dira, itsasoa zakar dagoenean, batez ere.

Deskribapena

Tamaina ertaineko hegaztia da martina, 42 cm-ko luzera, 65-75 cm-ko hego-zabalera eta kilo inguruko pisua izaten duena. Udan gorputzaren gainaldea eta burua guztiz beltza da, eta sabelaldea eta hego azpiak zuriak. Hegoen ertza ere zuria da. Neguan, paparraldea eta masailak zuriak izaten dira, eta begiak marra beltz batek zeharkatzen ditu. Mokoa nahiko mehea eta zorrotza da, beltza udan eta arreagoa neguan. Bi sexuen artean ez dago aldakortasun morfologiko esangarririk.

Taxonomia

Azpiespezieak[2] Hedapena Uria aalge aalge Ekialdeko Kanada, Groenlandia, Islandia, iparraldeko Britainiar uharteak eta hegoaldeko Norvegia Uria aalge albionis Hegoaldeko Britainiar uharteak, Frantzia, Alemania, Iberiar penintsula Uria aalge hyperborea Iparraldeko Norvegia, ipar-mendebaldeko Errusia, Barents Uria aalge intermedia Itsaso Baltikoa Uria aalge spiloptera Faroeak Uria aalge inornata Iparraldeko Ozeano Barea, Japonia, Ekialdeko Errusia, Alaska Uria aalge californica Kalifornia, Oregon, Washington, Britainiar Kolunbia

Banaketa

Ipar Amerika, Europa eta iparraldeko Asiako kostaldeetan bizi da. Kolonia nagusiak leku jakin batzuetan pilatzen dira udaberrian, baina neguan kostalde guztira zabaltzen dira hegaztiak. Atlantiko ekialdeko gazteek dispertsio-hegaldi luzeak egiten dituzte, zenbaitetan kontinentea zeharkatu eta Mediterraneoraino iritsiz. Ondorioz, espeziearen banaketa geografikoa oso zabala da.

Hegoalderen txitatzen duen alzidoa da martina, eta iberiar penintsulako mendebaldeko kostaldean hainbat kolonia ezagutzen dira. Euskal Herriko kostalde guztian aurki daitezke neguan, Frantziako eta Britainia Handiko kostaldeetako animaliak migratzen dutenean.

Habitata

Labar harritsu bertikalak dira espezie honen habialekuak, baina kobazuloak eta harkaitzpeak ere erabiltzen dituzte[3].

Elikadura

Egunez ehizatzen du normalean urpean igeri eginez arrainak jarraituz. Zenbaitetan ur azalean egon ohi da muturra ur azpian sartuta azpitik igarotzen diren arrainei begira, eta murgil egiten du horien atzetik hankek eta hegoek lagunduta igeri eginez [4]. Dena den, oso arrunta izaten da urpean igeri egiten denbora asko igarotzea eta sakonera handietara jaistea arrantza egitera. 200 m-rainoko sakoneraraino jaitsi daiteke arrantza egitera. Udako kolonietan ohikoa izaten da ehizarako talde handiak labarretatik guztiak batera uretaratzea.

Koloniatik 10 km baino gutxiagora ehizatzen du normalean, baina Kanadan eta Alaskan 100 km-rainoko mugimenduak ere erregistratu dira[5][6][7].

Arrain pelagikoak arrantzatzen ditu batez ere, baina arrain bentikoak ere agertzen dira espezie honen dietan[8].

Ugalketa eta ontogenia

 src=
Uria aalge

Urtean arrautza bakarra jarri ohi dute, udaberriaren amaieran. Txitotzeak 32-36 egun irauten du, eta bikoteko bi kideek hartzen dute parte lan horretan. Txitoak 2-3 aste behar izaten ditu itsasoratzeko.

Bizimodua

Txitotze-koloniak udaberriaren erdialdean eratzen dituzte. Habia labar bertikaletako erlaitz biluzietan egiten dute.

Neguan koloniak disgregatu eta hegaztiak sakabanatu egiten dira. Gazteak eta emeak izan ohi dira migrazio luzeenak egiten dituztenak[9].

Espezieen arteko elkarrekintzak

Txitotze-kolonia askotan pottorro arruntekin (Alca torda) nahasten dira martinak.

Antzeko espeziea Pottorro arrunta (Alca torda) du. Martina baino apur bat txikixeagoa da. Dena den, erraz bereizten dira mokoan (pottorroarena laburragoa eta zabalagoa da, kamutsa) eta begitik igarotzen den marra beltzean; azken hau martinaren kasuan soilik agertzen da.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, espezie honen kontserbazio-egoera ona da. Banaketa geografikoa oso zabala da, badirudi populazioen gorakada jazotzen ari dela, eta horien tamaina oso handia da, oraingoz.

Dena den, Iberiar penintsulako koloniek beherakada handia jasan dute edo desagertu egin dira, eta ondorioz, arriskupean dagoen espezietzat jotzen da.

Erreferentziak

  1. Freethy, Ron (1987) The Auks: an ornithologist's guide New York: Facts on File ISBN 0-8160-1696-8.
  2. Gaston, Anthony J. & Jones, Ian (1998) The Auks, Alcidae. Oxford University Press, Oxford. ISBN 0-19-854032-9
  3. Bárcena F, De Souza JA, Fernández E, Domínguez J (1987) «Las colonias de aves marinas de la costa occidenal de Galicia. Características, censo y evolución de sus poblaciones» Ecología (1): 187-209.
  4. Nevins HM (2004) Diet, demography and diving behaviour of the common murre (Uria aalge) in central California . MSc Thesis.
  5. Cairns DK, Bredin KA, Montevecchi WA (1987) «Activity budgets and foraging ranges of breeding common murres» Auk (104): 218-224.
  6. Coyle KO, Hunt GL, Decker MB, Weingartner TJ (1992) «Murre foraging, epibenthic sound scattering and tidal advection over a shoal near St-George Island, Bering Sea.» Marine Ecology Progress Series 83 (1): 1-14.
  7. Decker MB, Hunt G (1996) «Foraging by murres (Uria spp.) at tidal fronts surrounding the Pribilof Islands, Alaska, USA» Marine Ecology Progress Series (139): 1-10.
  8. Bryant RB, Jones IL (1999) «Food resource use and diet overlap of common and thick-billed murres at the Gannet Islands, Labrador» Waterbirds 22 (2): 392-400.
  9. Harris MP, Wanless SA (1990) «Moult and autumn colony attendance of auks» British Birds (83): 55-66.
(RLQ=window.RLQ||[]).push(function(){mw.log.warn("Gadget "ErrefAurrebista" was not loaded. Please migrate it to use ResourceLoader. See u003Chttps://eu.wikipedia.org/wiki/Berezi:Gadgetaku003E.");});
license
cc-by-sa-3.0
copyright
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visit source
partner site
wikipedia EU

Martin arrunt: Brief Summary ( Basque )

provided by wikipedia EU

Martin arrunta (Uria aalge) Alcidae familiako hegazti zangaluzea da. Euskal Herriko kostaldean negu partean agertzen zaigun espeziea da martina, pottorro arruntaren antz handia duena, baina hura baino handixeagoa dena. Kostaldetik gertu arrantzatu ohi dute, eta zenbait kasutan portuetan ere ikusi ahal izaten dira, itsasoa zakar dagoenean, batez ere.

license
cc-by-sa-3.0
copyright
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visit source
partner site
wikipedia EU