dcsimg

Belaki ( Basque )

provided by wikipedia EU

Belakiak (Porifera) animalia filum bat dira. Animalia sinpleenen oinarrian daude, Diploblastoen ahizpa-taxoi gisa[1][2][3][4][5]. Organismo zelulaniztunak dira, poroz beteriko gorputzak dituztenak, euren barruan urak zirkulatzeko kanalak sortuz. Egituraz, mesohilo izeneko ehun likatsu bat dute, bi zelula geruzez inguratuta. Belakiak ikertzen dituen biologiaren adarra espongiologia da[6].

Animalia hauek aurrekanbriarrean bizi zirela ikusi da, nahiz eta XVIII. mende arte ez ziren sailkatuak izan. 1819. urtean landare gisa sailkatzen ziren, baina ondoren barnean dauden ur-lasterrak ikusita animalia direla ohartu ziren.

Forma ugari daude, baina guztiek dute mugitzeko ezintasuna. Gaur egun 5.000 espezie baino gehiago daude katalogatuak munduan zehar, eta horietatik 150 inguru ur gezan bizi dira. Koloniak eratzen dituzte euren zuntzak elkartuz. Ura iragaziz elikatzen dira.

Anatomia

 src=
Belakien egitura.

Anatomikoki, primitiboak, oso animalia sinpleak dira oro har: ez dute barne-organorik, ezta nerbiorik ez muskulurik ere, ez dago soinaren aurrealde ez atzealderik; beste animalia-taldeetan behatzen ez den ur-pasabideen agerpenak filogenetikoki egoera goiztiarrean kokatzen ditu, oraindik ere taldearen sorrera guztiz argi ez dagoen arren. Primitibotasunaren adibide zelulen arteko koordinazio eskasa da, eta funtzio fisiologikoak zelula espezializatu jakinek egiten dituzte[7]:

  • Koanozito deritzen zelulek mikrobiloska izeneko ile-itxurako luzakinak dituzte, eta azken horien bidez iragazten dute belakiek ura.
  • Porozitoak zelula hodikarak dira, eta belakiaren soina osatzen duten poroak egituratzen dituzte.
  • Pinakozitoek belakiaren kanpo-geruza eratzen dute, pinakodermo deritzona, alegia.
  • Miozitoak pinakozito espezializatuak dira: poroen zabalera kontrolatzen dute, eta, ondorioz, uraren fluxua, kanal eta hodietan zehar.
  • Esklerozitoek silizezko espikula karedunak jariatzen dituzte.
  • Espongozitoek kolagenoaren antzeko zuntza jariatzen dute, espongina deritzona, eta soinaren egituraketan erabiltzen dute.
  • Kolenzitoek, bestalde, kolagenoa jariatzen dute, eta hori ere egituratzeko baliatzen dute.
  • Arkeozitoak zelula totipotenteak dira, hau da, aurreko beste edozein zelula bihurtzeko ahalmena dute.

Sailkapena

Zelulak mesohilo deritzon jelatinazko matrize ez-zelularrean antolatuta daude; itxura eta egituraren arabera, hiru belaki-eredu deskribatzen dira: askonoide, sikonoide eta leukonoideak[7].

Belaki askonoideak tubularrak dira, mutur bat substratuari itsatsita dute, eta bestea oskulu deritzon irekiunea da. Erdialdean sortzen den barrunbea espongozelea da, eta koanozitoz estalia dago. Flageloak izaten dituzte, ur-korronteak eragiten dituztenak, eta, horrela, ura askonoidearen paretetako poroetatik sartzen da espongozelera; hala, soineko hormetan dauden koanozitoek elikagaiak ur-fluxutik bereganatzen dituzte. Askonoideek kolonia adarkatuak eratzen dituzte.

Sikonoideek antzeko egitura tubularra dute, baina hormak zabalagoak eta konplexuagoak dira: kanal eta hodi ugari dituzte, eta horiek ere koanizitoz estalita daude; hodi txikienak prosopilo izenaz ezagutzen dira. Haien hazkuntza-zikloan askonoide-itxurako fasea agertzen da.

Leukonoideek ez dute espongozelerik. Ganbera flagelodun txiki ugari dituzte, ordea, eta koanozitoz eta ura sartu eta irteteko kanalez horniturik daude.

Fisiologia

Belakiak, beraz, iragazi bizidunak dira. Mugiezinak direnez, beren morfologia ur-korronteak sortzeko moldatuta dago; hortaz, ur-bolumen handiak soinetik zehar pasarazi behar dituzte, oinarrizko beharrizan fisiologiko guztiak bete ahal izateko. Arnasketa eta hondakinen eskrezioa difusio soilez gertatzen dira, eta, beraz, animaliaren inguruko uraren berriztapena bermatu behar da[7].

Bizi-ziklo ez-zuzena dute, hau da, fase larbario askea dute heldu mugiezin bihurtu bitartean. Ugalketa sexuala edo asexuala izan daiteke. Asexuala denean, gemazioz edo birsortzez ugaltzen dira; sexuala denean, aldiz, gametoak arkeozitoetatik eratzen dira. Belakiak hermafroditak dira, hots, gameto arra zein emea ekoitz dezakete; hala ere, hori ez da aldi berean gertatzen, eta, beraz, ez da autoernalketarik izaten.

Digestioa

Zelula barruko digestioa dute. Zelula flagelatu batzuek, koanozitoek, organismoaren barruko barrunbea tapizatu eta janaria barrurantz daramaten ur-korronteak sortzen dituzte. Bertan, fagozitosi-prozesuen bidez, organismoan sortu eta, bertan, beste zelula batzuek, amebozitoek, horien digestioa egiten dute.

Sailkapenaren historia

Poriferoen sinpletasunak hasiera batean landareak zirela pentsaraztera eraman zituen ikerlariak, aipatu ditugun ezaugarri guztiak direla medio. Aitzitik, poriferoek ez dute fotosintesirik egiten, eta haien zeluletako hormetan ez da zelulosarik agertzen —landareen berezko ezaugarria eta premisa, hain zuzen ere—; hortaz, animalia oso primitiboak lirateke. Bestalde, horrek aukera ematen du gainontzeko animalien eboluzioaren hastapenak ulertzeko; izan ere, ustez belaki-antzeko organismo multizelular sinplea litzateke gainontzeko animalien eboluzioaren oinarri eta sorburua[7].

Ekonomia

 src=
Belaki naturalak.

Belakiak antzinatik erabili izan ditu gizakiak, edo zehatzagoa izatearren, esponginazko eskeletoak. Ezagun denez, gorputza garbitzeko osagarri gisa erabili izan da, bestelako belaki sintetikoak agertu bitartean; nahiz eta sintetikoetan oraindik ere animaliaren itxura mantentzen den[7].

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Pisani, Davide; Wörheide, Gert; Lartillot, Nicolas; Rota-Stabelli, Omar; Philippe, Hervé; Pett, Walker; Dohrmann, Martin; Feuda, Roberto (2017-12-18) «Improved Modeling of Compositional Heterogeneity Supports Sponges as Sister to All Other Animals» Current Biology (24): 3864–3870.e4 doi:10.1016/j.cub.2017.11.008 ISSN 0960-9822 PMID 29199080 . Noiz kontsultatua: 2018-12-05.
  2. (Ingelesez) Wörheide, Gert; Lartillot, Nicolas; Philippe, Hervé; Rota-Stabelli, Omar; Feuda, Roberto; Dohrmann, Martin; Pett, Walker; Pisani, Davide (2015-12-15) «Genomic data do not support comb jellies as the sister group to all other animals» Proceedings of the National Academy of Sciences (50): 15402–15407 doi:10.1073/pnas.1518127112 ISSN 1091-6490 PMID 26621703 PMC PMC4687580 . Noiz kontsultatua: 2018-12-05.
  3. (Ingelesez) Manuel, Michaël; Wörheide, Gert; King, Nicole; Delsuc, Frédéric; Corre, Erwan; Lapébie, Pascal; Ereskovsky, Alexander; Quéinnec, Éric et al. (2017-04-03) «A Large and Consistent Phylogenomic Dataset Supports Sponges as the Sister Group to All Other Animals» Current Biology (7): 958–967 doi:10.1016/j.cub.2017.02.031 ISSN 0960-9822 PMID 28318975 . Noiz kontsultatua: 2018-12-05.
  4. (Ingelesez) Giribet, Gonzalo «Genomics and the animal tree of life: conflicts and future prospects» Zoologica Scripta (S1): 14–21 doi:10.1111/zsc.12215 ISSN 1463-6409 . Noiz kontsultatua: 2018-12-05.
  5. (Ingelesez) Giribet, Gonzalo; Marioni, John C.; Riesgo, Ana; Pearse, Vicki B.; Hadfield, Michael G.; Gruber-Vodicka, Harald; Laumer, Christopher E. (2018-03-17) «Placozoa and Cnidaria are sister taxa» bioRxiv: 200972 doi:10.1101/200972 . Noiz kontsultatua: 2018-12-05.
  6. (Ingelesez) «Definition of SPONGIOLOGY» www.merriam-webster.com . Noiz kontsultatua: 2018-12-05.
  7. a b c d e «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus . Noiz kontsultatua: 2019-04-12.

Kanpo estekak

(RLQ=window.RLQ||[]).push(function(){mw.log.warn("Gadget "ErrefAurrebista" was not loaded. Please migrate it to use ResourceLoader. See u003Chttps://eu.wikipedia.org/wiki/Berezi:Gadgetaku003E.");});
license
cc-by-sa-3.0
copyright
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visit source
partner site
wikipedia EU

Belaki: Brief Summary ( Basque )

provided by wikipedia EU

Belakiak (Porifera) animalia filum bat dira. Animalia sinpleenen oinarrian daude, Diploblastoen ahizpa-taxoi gisa. Organismo zelulaniztunak dira, poroz beteriko gorputzak dituztenak, euren barruan urak zirkulatzeko kanalak sortuz. Egituraz, mesohilo izeneko ehun likatsu bat dute, bi zelula geruzez inguratuta. Belakiak ikertzen dituen biologiaren adarra espongiologia da.

Animalia hauek aurrekanbriarrean bizi zirela ikusi da, nahiz eta XVIII. mende arte ez ziren sailkatuak izan. 1819. urtean landare gisa sailkatzen ziren, baina ondoren barnean dauden ur-lasterrak ikusita animalia direla ohartu ziren.

Forma ugari daude, baina guztiek dute mugitzeko ezintasuna. Gaur egun 5.000 espezie baino gehiago daude katalogatuak munduan zehar, eta horietatik 150 inguru ur gezan bizi dira. Koloniak eratzen dituzte euren zuntzak elkartuz. Ura iragaziz elikatzen dira.

license
cc-by-sa-3.0
copyright
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visit source
partner site
wikipedia EU