dcsimg

Kuleto faltsu ( Basque )

provided by wikipedia EU

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Kuleto faltsua (Amanita muscaria) Amanitaceae familiako perretxiko pozoitsua da.[1]

Taxonomia eta izena

Europako hizkuntza askotan perretxiko honen izena euliei lotuta egon da. Ingelesez fly agaric, alemanez Fliegenpilz, frantsesez Amanite tue-mouches. Izan ere, usadioz intsektizida gisa erabili izan da leku askotan, eta Europa ekialdeko zenbait herritan (Polonian, Errumanian) oraindik erabiltzen da. Praktika hau Alberto Handiak erregistratu zuen lehen aldiz De vegetabilibus lanean, XII. mendean. Hain zuzen, hau idatzi zuen:

vocatur fungus muscarum, eo quod in lacte pulverizatus interficit muscas
("Eulien perretxikoa deitzen zaio, esnetan xehetuta euliak hiltzen dituelako")[2]

Linneok ezaugarri hau ezagutzen zuen, eta espezie hau deskribatu zuenean 1753an, Species Plantarum lanean, Agaricus muscarius izena eman zion[3], latinezko musca (euli) izena oinarritzat hartuz.

Morfologia

 src=
Amanita muscaria heldua.

Espezie honek txapel haragitsua dauka, 6 eta 15 cm arteko diametrokoa. Hasieran txapela ganbila da, baina gero lautu egiten da. Distiratsua da, euria egiten duenean hezea eta apur bat lingirdatsua da. Kolore gorri mina edo gorri-laranjaxka dauka (aldaeraren arabera), eta ia beti errezel orokorraren hondarrak diren ezkata edo adabakitxo zuri edo horixka ugariz estalita ageri da. Hala ere, kontuz ibili behar da espezie hau identifikatzerakoan, euri asko egiten duenean ezkata guztiak gal baititzake eta jangarria den kuletoarekin nahastu baitaiteke. Ale helduetan ertza ildaskatua da.

Txapel azpiko orriak trinko kokaturik dauzka. Askeak eta aldakorrak dira, zabalak, eta kolore zuria edo apur bat horia daukate.

Hanka zuria da, leuna, hasieran betea eta gero hutsa barrutik. Oinarri loditua dauka, erraboil antzekoa, eta bere inguruan bolba zuriaren hondarrak diren zirkulu kontzentrikoak dauzka. Eraztun zabal eta mintzaire batez horniturik dago, ildo gutxikoa, zuria edo horixka.

Haragi sendo zuria dauka. Txapelaren kutikularen azpian kolore laranjagoa dauka.

Espora zuri leun eta eliptikoz horniturik dago. Esporak hialinoak dira, ez amiloideak.

Ekologia

 src=
Amanita muscaria bat pinudi batean.

Amanita muscaria onddo kosmopolita da: urkidi, pinudi, izeidi, pagadi zein hariztietan bizi daiteke, Ipar hemisferioko eskualde epel eta borealetan. Hindu Kush bezalako eskualde beroetako mendi altuetan ere bizi da, bai eta Mediterraneo inguruan eta Erdialdeko Amerikan. Berriki egindako ikerketa molekularrek iradoki dutenez, badirudi jatorrizko arbasoa eskualde siberiar-beringiarrean sortu zela Tertziarioan, eta handik Asia, Iparramerika eta Europara hedatu zela.

Gizakiak Hego hemisferiora garraiatu du espezie hau, eta orain Australian, Zeelanda Berrian, Hegoafrikan eta Hego Amerikan ere bizi da, batez ere pinudi landaketak egin diren tokietan. Amanita muscariak herrialde horietako zuhaitz espezieekin (esaterako, eukaliptoekin) sinbiosiak eratu dituela dirudi, eta itxura batean gero berriro esportatu da beste herrialde batzuetara: Australiatik Argentinara igaro da eukaliptoarekin batera.

Normalean udaren azkenean eta udazkenean agertzen da. Askotan Boletus edulis espeziea agertzen den toki eta sasoi berean ikus daiteke.

Galeria

Erreferentziak

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, Fernado Pedro Pérez, 2013, 2014, 2017, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza
    Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, Fernando Pedro Pérez, 2012ko Abendua, A.D.E.V.E, Argazkiak:Fernando Pedro Pérez, Maite Legarra, Xabier Leizaola, Jon Urkijo, Nerea Aurtenetxe.
  2. Ramsbottom J (1953). Mushrooms & Toadstools Collins, ISBN 1-870630-09-2
  3. Linnaeus C (1753). Species Plantarum: Tomus II, Holmiae. (Laurentii Salvii)
(RLQ=window.RLQ||[]).push(function(){mw.log.warn("Gadget "ErrefAurrebista" was not loaded. Please migrate it to use ResourceLoader. See u003Chttps://eu.wikipedia.org/wiki/Berezi:Gadgetaku003E.");});
license
cc-by-sa-3.0
copyright
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visit source
partner site
wikipedia EU

Kuleto faltsu: Brief Summary ( Basque )

provided by wikipedia EU

Kuleto faltsua (Amanita muscaria) Amanitaceae familiako perretxiko pozoitsua da.

license
cc-by-sa-3.0
copyright
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visit source
partner site
wikipedia EU